Arte eta Kultura
Ondare kulturala
Higer badiako itsaslabar baten gainean dagoen San Telmo Gazteluak, harresiarekin eta Karlos V.aren Gazteluarekin batera, Asturiaga portua piraten erasoetatik babesten zuen multzoa osatzen zuen. Hori dela eta, Piraten Gaztelua ere esaten diote.
Gipuzkoako kapitaina zen Juan Velazquezen aginduz eraiki zuten 1598an. Felipe Cramer ingeniaria arduratu zen non eraiki erabakitzeaz eta eraikina diseinatzeaz. Hareharrizko harlanduz egin zuten. Iparraldeko eta ekialdeko aldeek itsasora ematen dute eta bost kanoi sartzeko adina leku dute.
Beste bi aldeetan eraikinak daude. Kanpoaldeko horma harlangaitzezkoa da, eta sarbide bat du aurreko aldean, dobelaz egindako arku eskartzanoarekin. Sarbidearen gainean, albo batera, zaintzaileek erabiltzen zuten dorre txiki bat dago. Horma horrek jarraitu egiten du gaztelua alde batetik inguratuz, eta aurrekoaren antzeko beste dorre txiki bat ikusten da. Gainerako bi fatxadek ez dute hormaren babes beharrik, itsaslabarraren gain-gainean baitaude.
Eraikinak forma kubikoa du, eta itsua da. Ondoan, sarreran Felipe II.aren armarria duen etxe txikiago bat dago. Gazteluaren atzeko aldeak itsasora ematen du, eta harlangaitzez eta adreiluz egina dago. Terrazan artilleriarentzako plataforma dauka.
Gaztelua