Hasiera: Florida parkea Amaiera: Erdi Aroko Almendra
Floridako parkea hartuko dugu abiapuntutzat: bertako bideak zeharkatu eta Maria Inmaculada katedrala inguratuko dugu ondoren. Txakurraren berdetasun-premia ase ondoren, Zabalgunean sartuko gara, oinezkoentzako etorbide zabalez eta erakusleiho biziez gozatzeko.
Floridako parkean (Ur Lorategi Sekretua barne), txakurrek uhalaz lotuta joan behar dute une oro.
Bi kale nagusien bidegurutzean aurkituko duzue Gasteizko Ibiltariaren brontzezko eskultura ospetsua. 3 metro eta erdiko altuera du, eta Juan Jose Eguizabal artistak egin zuen. Gasteizen txakurrarekin egiten dituzun argazkien bilduman lekutxo bat egin beharko diozu zure lagunik onena gizonezko luze horren alboan ageri den argazkiari.
Kale bizietan zehar ibilian iritsiko gara Espainiako Plazara eta Andre Maria Zuriaren Plazara.
Erdi Aroko Almendraren atarian gaude. Hartu zure denbora landare-eskulturaren ondoan argazki bat egiteko, hiriaren benetako ikurra da-eta.
Kale harriztatu estuetan barrena, beste garai batean murgilduko zarete. Ibili-ibilian Aihotz Plazan eta Arkupeko Ibilbidean; edozein kale hartuz gero ere, Santa Maria katedraleraino iritsiko zarete. Kantoiak elkarrekin lotzen dituzten arrapala mekanikoak ere har ditzakezue, Harategi kantoitik Erdi Aroko harresi ikusgarriak miresteko. Eta beti duzue indarrak berreskuratzeko aukera, Aiztogile kaleko tabernetan pintxoak janez, horixe baita hiriko poteogunerik alaienetako bat.
Nahiago baduzu, “Gasteiztxo” Tren Turistikoa har dezakezu, zure txakurrarekin ibilbide hori egiteko. Uztailetik urrira bitarte dago lanean. Kontsultatu baldintzak turismo-bulegoan.
Gustatu al zaizue Gasteiz txakurrarekin? Bada, oraindik gauza asko dauzkazue ikusteko.
Denbora, gutxi gorabehera: bi ordutik gorako ibilaldi lasaia, argazkiak egiteko eta hiriaren erritmoaz gozatu eta pintxoren bat hartzeko geldialdiak barne.
Plan ezin hobea da goiza indarrarekin hasteko; amaitzeko, berriz, zerbait jan dezakezue, patxada handiz, Erdi Aroko Almendrako kale magikoetako batean.