Hasiera: LegasaAmaiera: Behobia
Bidasoako Bide Berdeak Legasa (Bertizarana, Nafarroa) eta Behobia Irungo auzoa lotzen ditu. Guk Gipuzkoako tartea bakarrik egingo dugu. Euskadi eta Nafarroa arteko muga zeharkatu eta Aiako Harria Parke Naturalean sartuko gara. Pirinioetako mendi-adarrean dago naturgune, eta Euskadiko granitozko mendigune bakarra da. Handik gutxira asfaltozko bidea amaituko da, eta San Migel geralekuraino gidatuko gaituen zelaia zeharkatuko dugu. Metro batzuk aurrerago, Laminarriko zubiaren gainetik, ibilbideari jarraituko diogu, Pagogañaraino. Bertan, besteak beste, azken karlistaldiaren ondoren eraikitako gotorlekuaren hondarrak nabarmendu behar dira.
Errepide zahar bati paraleloan jarraitzen dio Bide Berdeak, eta aldapa bat jaitsi eta beste bat igo ostean, atsedenleku batekin egingo dugu topo. Mendi-mazelak atzean utzi eta belardi zabalak izango ditugu lagun. Apur batean Bide Berdea ibaitik aldenduko da. Ibilbidearen hurrengo zatian irudi bukolikoaz -baserriak dira nagusi- gozatu ahalko dugu. Beste belardi batera iritsiko gara, ibaia gero eta urrunago utzita.
Bihurgunean eskuinera egingo dugu, errepidearen azpitik joango gara eta ibaiaren gaineko zubia gurutzatuko dugu. Handik gutxira, landa-bidea bukatutakoan, Irunera iritsiko gara eta Garraio Zentroa inguratuko dugu. Zuhaixkez beteta egonik, paseatzeko egokia da oso ibilbidearen azken zati hau. A-8 autobidearen azpiko zubitik igaroko gara. Azpimarratzekoa da zubi hori Pausuraino, Euskadi eta Frantzia arteko lotuneraino, doala. Bidegorriak Alcaldia de Sacas kaleraino gidatuko gaitu; bertan, XIX. mendearen erdialdera arte aduana bat egon zen.
Irungo eta Hendaiako ibaiertzak banatzen dituen Faisaien uhartean amaituko dugu gure ibilbidea.