Hasiera: BilbaoAmaiera: Santurtzi
Bilboko udaletxearen zubitik abiatuko gara. Antzina, zubi txiki izenaz bezala ezaguna zen, berau igarotzeko txakur txiki bat ordaindu behar zelako. Garai hartan, Areatza arte Itsasadarretik nabigatzea posible zenez, zubi guztiek ontzien trafikoa errazteko plataforma mugikorrak zituzten. Gaur egun, udaletxeko zubi hau itxita dago. Uribitarteko kaietatik nabigatuz, hainbat biltegi ikus daitezke Aduana eraikuntzaren ondoan. Bertan, itsasotik ekartzen zituzten merkantzien arantzelak kobratzen ziren.
Santiago Calatravaren Pasagunea (1996), Campo Volantin portuarekin lotzen duena, azpitik gurutzatu eta La Salve zubia ikusiko dugu berehala, Gugghenheim museoaren inguruan. Ondoren, hurrengo zubia igaro, Deustukoa. Ricardo Bastida arkitektoaren zubiak sistema mugikorra mantendu du orain dela gutxira arte. Euskalduna Pasagunea Federico Sorianok diseinatu zuen eta izen bera daraman musika eta batzar jauregiaren ondoan kokatuta dago.
Ondoren, Olabeaga auzoa eta Zorrozaurreko penintsula arteko gunea ur gainetik zeharkatuko dugu. Zorrozaurren, industria hazkundearen garaiko oroitzapen ugari daude oraindik ere, eta Olabeagan, berriz, itsasoarekin eta ontzigintzarekin zerikusia zuten lantegiak sortu ziren; sareak konpontzen zituzten eta arrain freskoa zekarten ontziak porturatzen ziren bertan. Zorrozaurre penintsula Deustura lotuta egon zen, 1969an Deustuko Kanala ireki zuten arte. Kaiak eta atrakalekuek zuten gaitasuna handitu nahi zuten horrela, Bilboko portuko lan-karga arintzeko. Ontzigintza sakon errotu zen Ezkerraldean.
Lehendabizi, Urgozo (ontziek behar zuten ur gozoa biltegietan gordetzeko tokia) agertuko da, eta aurrerago, berriz, Jabonera Tapia zegoen orubea eta Talleres de Zorroza, eraikuntza metalikoen enpresa. Ibaiertzetik beherantz, metro gutxira Molinos Vascos enpresaren eraikina, Bizkaiko industria ondarearen eraikuntzarik nagusienetakoa, ikus dezakegu. Handik, Elorrietako meandrora abiatuko gara, Bilbo eta Barakaldo arteko mugara, alegia. Sefranito enpresaren ondoan, Errontegiko zubiaren inguruan, Orconera eta Franco Belga enpresen mineralak zamatzeko tokiak topatuko ditugu. Nra. Sra. Del Carmen lantegia, ondorengo Bizkaiko Labe Garaiak (1902), zegoen orube bakartian, enpresa horretako bulego dotoreak daude, Ilgner taldearen eraikinarekin batera. Labe Garaiak, Bizkaiko industriaren erdigune erraldoia, Sestaon agertzen dira berriro. Duela urte batzuk, enpresa horren zati handi bat desegin zuten eta altzairutegi txiki batek hartu du haren lekukoa. Aurrera jarraituta, ontzigintzan oso garrantzitsua izan den enpresa topatuko dugu; Naval ontziola.
Portugalete herrian, berriz, azpimarratzeko modukoak dira Canilla Getokia, Burdinezko kaia eta Bizkaiko Zubia, lurralde honetako sinbolo eta industri iraultzaren monumentua.
Santurtzin amaituko dugu ibilbidea, Bilboko Portuan, Bizkaiko hiriburuak gaur egun dituen eta etorkizunean izango dituen lotura eta harremanen ispilu den horretan.