Hasiera: BilboAmaiera: Gorlizko itsasargia
Bilbon, Abandoko geltokian, Metroaren lehenengo linea hartuko dugu Plentziarako noranzkoan. Bilboko Abrari jarraiki, lehenik eta behin Getxon, Bizkaiko udalerri garrantzitsuan, egingo dugu lehen geldialdia. Getxo bost auzok osatzen dute: Areetak, Erromok, Negurik, Algortak eta Getxoko Andra Marik.
Areetako geltokian geratuko gara lehendabizi. Bertan, Bizkaiko Zubia, Getxoko auzoa eta Portugalete lotzen dituena, ikustea merezi du. Bilboko burgesiako hainbat familiak bizileku bezala aukeratu dute Areeta, eta Arriluze jauregi ederra da horren lekuko. Negurin ere ikusgarriak dira Abrara begira dauden etxe handi eta dotoreak. Eraikin horiek eta kirol-portuak izugarrizko kontrastea egiten dute Algortako arrantza-portuarekin eta arrantzaleen etxe zuriekin. Jauregitxoak alde batera utzita, Getxok baditu bestelako elementu erakargarriak ere. Itsas pasealeku bikaina dauka Galea lurmuturreraino, eta Santa Maria eliza, Bizkaiko barrokoaren adibide garbia, ere nabarmendu behar dugu. Horrez gainera, herri bizia da, kultur jarduera asko eskaintzen baititu, uztaila hasieran antolatzen duten Jazzaldia, esate baterako.
Trena berriz ere hartu eta Sopela kostaldeko herrira joango gara. Hiru hondartza eder ditu; Atxabiribil, Arrietara eta Solandota (surflariek azken hori dute gogokoen).
Ibilbidea Butroi ibaiaren bokaleraino jarraituko dugu, Plentzia eta Gorlizeraino hain zuzen. Turista asko erakartzen dituen herria da Plentzia. Alde zaharra nabarmentzeko modukoa da, eta, bertan, Maria Magdalenaren eliza gotikoa aipatu behar dugu. Gorliz aldamenean dago, badia bera partekatzen baitute herri biek. Hondartza zabala du, eta amaieran, Astondoa inguruan, giro aparta egon ohi da jatetxe eta mahaitxo zein banku asko dituen pasealekuan. Handik, fenomeno geologiko bitxi bat ikus daiteke: harri bihurtu diren dunak. Ibilaldia amaitzeko, Gorlizko itsasargira igo gaitezke eta, han, paisaia ikusgarriaz gozatzeko aukera izango dugu; Billano uhartetxoa ageri da itsasoan, bakarti.