Helmuga turistikoak
Herriak
Bizkaiko lurralde historikoan dago Berriatua, Lea-Artibai eskualdean eta Ondarroatik kilometro gutxira. Udalerria hiriguneak berak eta mendiko honako auzoek osatzen dute: Mereludik (Milloi), Asterrikak eta Madalenak. Bizkaiko udalerri honetan, ondare historiko oparoa ikusteko aukera izateaz gain, bidezidor zein mendiko ibilaldi ugari aurkituko ditugu, Artibai ibaiko bazterrak ikusteko paraje ezin hobea.
Erdigunean bertan, San Pedro elizan hasiko dugu gure ibilbidea. Tontor baten gainean dago XII. mendeko eraikina. Handik, Etxe Pintxura joko dugu, XVIII. mendeko dorretxera. Bertan, nabarmentzekoak dira eraikinaren aurreko hormako margoak.
Ondare historiko ugaria eta ikuspegi paregabeak
Madalena auzoan barneratuz, Aranzibia dorrea azpimarratzeko modukoa da. Ondoren, auzoaren izen bera daraman ermita bisitatuko dugu, hango bista ederrekin gozatuz; honen alboan, "Sarnapotzu" putzu bereziarekin egingo dugu topo, azaleko gaixotasunak sendatzeko ur-putzua omen dena. Beste leku ikusgarri bat Lekoia Bekoa baserria da; oraintsu eraberritu dute eraikina eta euskal arkitektura herrikoiaren eredurik ederrenetakoa da. Asterrika auzoa udalerriko kostaldeko eremua da.
Mendexa eta Ondarroa artean dago, leku pribilegiatu horietako bat da, eta itsasora begira dauden xarmaz beteriko landa bideetan barrena ibiltzeko aukera ematen digu. San Lorentzo ermita gotikoa dago bertan, ongi gorde duten XV. mendeko eraikin ederra, hain zuzen.
Bestalde, Berriatuko jairik garrantzitsuenak San Gregorio festak dira; maiatzaren 9an ospatzen dituzte jaiok eta ekitaldi ugariz gozatzeko aukera izango dugu bertan.