Ugao | Euskadiko herriak eta hiriak | Turismoa Euskadi
Joan edukira
San Bartolome eliza eta udaletxea

Ugao

Helmuga turistikoak

Herriak

Nerbioi ibaiak sortzen duen haran estu batean dago Ugao, mendiz inguratuta. Bizkaiko lurralde historikoan dago, Uribe-Nerbioi eskualdean, Bilboko hirigunetik hurbil. Antzinako hiribilduaren erdiguneko kale bakarrak, haren inguruan eratutako auzo berriek eta landa giroko zenbait auzunek (Markio, Elosu eta Astibi, besteak beste) osatzen dute udalerria. Herrian barrena egingo dugun ibilaldian, interes historiko eta artistiko handiko lekuak bisitatuko ditugu.

 

Udiarragako Amaren ermita da, ezbairik gabe, Ugaoko eraikinik adierazgarriena. Erdigunean bertan eraiki zuten 1779an, Udiarraga mendian zegoen izen bereko ermita desagertu zenean. Kanpoaldean, azpimarratzekoa da fatxadako kanpai-horma; kanoi-gangez estalitako nabe bakarreko barrualdean, berriz, polikromatutako egurrezko erretaula nagusia ageri du. Handik oso gertu, San Bartolome elizak, udaletxeak eta Jane jauregiak osatzen duten monumentu multzoa ikusiko dugu. San Bartolome elizak gurutzeria-gangek estaltzen duten bost zatitan banatutako nabe handi bat, dorre eder bat eta atari ikusgarria ditu. Nabarmentzekoa da atari horretako enkatxoa, harri txikiz egindako zorua, irudi geometrikoak baititu. Plaza horretan bertan dago, elizaren aldamenean alegia, hiru ataleko udaletxe neoklasikoa.

 

Harmailadia eta erdi-puntuko hiru arkuko ataria ditu. Jane jauregi neoklasikoa ere aparta da zinez. Zutabe batek eusten dio eta erdi-puntuko bi arku ditu sarreran. Bi solairu ditu eta eraberritu egin dute bertan kultur jarduerak egiteko. Handik hurbil, Lehendakari Agirre enparantzan, Hiru Tutuko iturri neoklasikoa dago. 1858an egin zuten eta lau putzu biribil ditu. Kultur egitarau zabala eskaintzen du Ugaok. Udiarragako Amaren omenezko jai nagusiez gain, urte osoan antolatzen dituzten azokak aipatu behar dira. Martxoan, esaterako, emakume ekoizleen nekazaritza-azoka egiten dute; irailean, berriz, nekazaritza eta artisautza azoka. Horrez gain, ezin ahantz daiteke Ugaoko Historia Ezagutzeko Zentroak antolatzen dituen mikologia jardunaldiak.

Datu interesgarriak

Hedadura
5.20 Km
Biztanle-kopurua
4,094

Ekitaldiak