Gaurko plana oinezko ibilaldiak gogoko dituztenentzat da. GR 38 ibilbidea egingo dugu gaur, Ardoaren eta arrainaren ibilbidea deitzen zaiona. Bermeo, Ondarroa eta Lekeitioko portuetatik arrain freskoz edo arrain gazituz kargatutako mandoekin abiatzen ziren orgazainak Arabako Errioxara heldu arte; itzuleran orgak gariz, gatzez, ozpinez eta ardoz zamatzen zituzten eta kostaldera itzultzen ziren berriz. Gaur egun, bide zahar hori egokitu eta bertatik modu seguruan ibiltzeko moduan jarri dute.
Gure gaurko asmoa 17 kilometro egitea da, Guardia eta Oion udalerriak banatzen dituen tartea, hain zuzen. Ziur gaude tarte hori gosegarri perfektua izango dela bisitariak ibilbidearen gainerako zatiak ezagutu nahi izan ditzan; izan ere, horrelako 7 ibilaldi egin beharko dira Oiondik euskal kostaldera heltzeko.
GOIZEAN
Oinezko saioa burutzeko 4-5 ordu inguru beharko ditugu eta, beraz, etxetik goiz abiatzea gomendatzen dugu. 17 km inguru ditugu zain.
Ibilbidea Guardiatik abiatuta Oionerantz egitea gomendatzen dizuegu, ibilbide naturalaren aurkako noranzkoan. Izan ere, noranzko honetan desnibela bidaztiaren alde egongo da. Guardia udalerrira itzultzeko lineako autobusa hartuko dugu.
Ibilbideari ekiteko, gure ibilgailua Guardian utzi beharko dugu. Zalantzarik gabe, udalerri honek bisita bat merezi du eta itzulerarako utziko dugu hori.
Oinezko bidea burutzeko, lehen aipatu dugun eran, 4 ordu inguru beharko ditugu, eta mahastiz osatutako paisaia izango dugu zain, jakina. Ibilbidearen zati batean zehar, Toloñoko mendilerroaren profila izango dugu alboan. Halaber, Guardiako aintzira batzuk zeharkatuko ditugu, eta horietan geldialdi bat egiteko aukera izango dugu, bertan bizi diren hegaztiak begiztatzeko.
Behar bezain goiz jaiki baldin bagara, Oionen bazkaldu ahalko dugu; bestela, piknik bat prestatzeko aukera ere badugu, bidean indarrak hartzeko.
Oionera heltzean, guztiz gomendagarria da bertako taberna eta jatetxeetara joatea mahastizaintzaren eta ardogintzaren lurralde honetako ardoak dastatzera.
ARRATSALDEAN
Arratsaldean, Logroño-Gasteiz ibilbidea egiten duen lineako autobusean itzuli ahalko gara Oionetik Guardiara. Itzultzeko aukera daukagula ziurtatzeko ordutegiak kontsultatu beharko ditugu.
Guardiara iristean, udalerriaren bisita kultural bat egingo dugu; turismo bulegoan bisitak egiteko beharrezkoa den informazioa emango digute. Guardia Espainiako herri ederrenen artean sailkatu izan da.
Azkenik, udalerriak eskaintzen dituen askotariko jatetxeetako bat hautatu dezakegu afaltzeko.
KONTRATA DAITEZKEEN ZERBITZU-ENPRESAK:
Non jan plan honetan: www.euskadigastronomika.eus
Non ostatu hartu plan honetan: www.rutadelvinoderiojaalavesa.com / www.nekatur.net
Datu orokorrak
Informazio gehiago:
Kale Nagusia, 52
945 600 845
Araba turismoa: www.alavaturismo.eus
Gaztelania, Euskara